azkue.jpg


Argibide orokorra PDF fitxategia Inprimatu E-mail

Azkue Biblioteka Euskaltzaindiaren liburutegia da eta beronen zerbitzura dago. Hortaz gain, zabalik dago ikerle ororentzat eta bere ahalbideen neurrian euskal kultura gaien ikerkuntza eta hedapena sustatzen eta laguntzen saiatzen da. Euskaltzaindiaz kanpoko erabiltzaileentzat ondoko atalean aipatzen diren arau, baldintza eta tarifak aplikatuko dira.

HIZKUNTZA

Azkue Bibliotekaren Katalogoa (ABK) Euskaltzaindiaren bibliotekaren liburu eta aldizkarien katalogoa da. Une honetan euskara hutsez dago. Euskaltzaindiaren asmoa katalogo eleaniztun bat egitea da, eta horretarako lanean ari da, baina lehenengo eta behin euskaraz egin nahi izan du; horretarako Azkue Bibliotekaren Katalogazio Erregelak onartu ditu. Euskara hutsez egiten den lehen katalogoa duzu hau, eta hori dela eta mota askotako erabakiak hartu behar izan dira, zalantzaz beterik sarri. Kontuan izan, beraz, hizkuntza aldetik proposamenak direla, beste ezer baino gehiago, hemen plazaratzen direnak, eta frankotan zuzenduak eta hobetuak izango direla etorkizunean.

Azkue Bibliotekaren Katalogazio Erregelak ikusteko jaitsi fitxategi hau: katalogazio erregelak 423 kB

ESPEZIALIZAZIOA

Azkue Biblioteka humanitateetan espezializatuta dago. Dudarik gabe euskara da bere ondarearen muina, euskarazko testuak eta euskarari buruzkoak. Baina horretaz gain euskal gaiei buruz, zentzu zabalean, erreferentzia ugari aurkituko duzu, bai Historian, Antropologian, Musikan, Zuzenbidean, Folklorean edota Erlijioan. Finean, Resurreccion Maria Azkue zenaren espirituari jarraitu nahi izan zaio, euskararen ikerkuntza modu zientifiko batean landuz (eta hortik Hizkuntzalaritzako eta Filologiako testu ugariak) eta bestetik euskara bere testuinguru naturalean kokatuz, hots, Euskal Herrian, eta beronen Historian eta Kulturan.

KATALOGOAN ZER DAGOEN

Azkue Bibliotekako Katalogoaren barruan sei azpikatalogo daude, hurrenez hurren Monografiak (liburuak eta antzekoak), Aldizkako argitalpenak, Euskaltzaindiaren argitalpenak (honen barruan Euskera agerkaria dagoelarik), Euzko Gogoa aldizkaria eta Lacombe Biblioteka.

Euskera agerkaria-ren kasuan fitxa katalografiko bakoitzari dagokion testua erantsi zaio, PDF formatuan eta esteka baten bidez. Hortaz gain, 2007tik aurrera interfaze berezi bat izango ditu bilaketetarako.

Azkue Bibliotekan zaintzen diren artxiboen katalogoak dagokien tokian aurkituko dituzu.

ONDARE BEREZIA

Georges Lacomberen bibliotekak aipamen berezia behar du. Izan ere, ondare horren jabea den Olaso Dorrea Sorrerakundearen eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmen bati esker osorik katalogatu da eta web orri honetan bertan ikus daiteke. Beronen liburuen kontsulta, berriz, une honetan Azkue Bibliotekaren bidez kudeatzen da.

IRADOKIZUNAK

Azkue Bibliotekak pozik jasoko du edozein kritika edota iradokizun, horretarako posta elektronikoa erabiltzera gonbidatzen zaitugularik.

 


© 2010 Euskaltzaindia. Ikus lege-oharra