Plazaberrin harpidetu:

Sare sozialetan:

Twitter

Plazaberri

Yucatango Unibertsitate Autonomoko ordezkariak Euskaltzaindian

Bilbora egiten ari den bisita baliatuz, Euskaltzaindiaren egoitzan izan da gaur, maiatzaren 17an, Yucatango (Mexiko) Unibertsitate Autonomoko ordezkaritza bat. Hala, Juan de Dios Pérez Unibertsitate horretako Plangintza eta Garapenerako koordinatzailea eta Karla González Egitasmo Instituzionalak saileko arduraduna Akademia bisitatu, eta Euskaltzaindiaren historia eta zereginak gertutik ezagutzeko aukera izan dute, Pruden Gartzia Azkue Bibliotekako zuzendariaren eskutik.

Yucatango Unibertsitate Autonomo ordezkaritza, Bilbao Internacional elkartearen eskutik etorri da Euskaltzaindira.

yucatan txikia

 

 

 

 

Davanten "Antoine d'Abbadie, Abbadiaz" liburua Maulen aurkeztuko da larunbatean

Datorren larunbatean, maiatzaren 18an, Jean-Louis Davanten Antoine d'Abbadie, Abbadiaz liburua aurkeztuko da, goizeko 10:30ean, Mauleko Herriko Etxean. Aurkezpena d'Abbadie euskalari eta euskal kulturaren mezenas zenari eskainiko zaion omenaldiaren barruan kokatuko da. Davantekin batera, Michel Etchebest Mauleko aüzapeza eta Andres Urrutia euskaltzainburua izango dira.

Antoine D'Abbadie, Abbadiaz Euskaltzaindiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren 19. zenbakia da eta aurtengo Sarako Idazleen Biltzarrean aurkeztu zuen Akademiak. Testu desberdinak baliatuz, Jean-Louis Davantek Antoine D´Abbadieren (1810-1897) bizitza aztertzen du liburuan. D´Abbadiek alor asko landu zituen: astronomoa, zientzialaria eta esploratzailea izateaz landa, hizkuntza asko zekizkien. Euskal Herria beti izan zuen gogoan, eta bizilekua Hendaian finkatu ondoren, euskal kulturgintzaren bultzatzaile handia izan zen, besteak beste, lore jokoak antolatu eta sustatuz.

davant abbadie txikia

 

"Euskera" agerkariaren 2011ko zenbaki guztiak kontsultagai

Euskera agerkariaren 2011ko hiru zenbakien edukiak, Azkue bibliotekan katalogatu eta indexatu ostean, Euskaltzaindiaren webguneko Euskera agerkariaren hemerotekan integratu dira. Euskera agerkariaren hiru zenbaki argitaratzen dira urtero; 2011ko zenbakiei dagokienez, hiru zenbaki horiek bi liburukitan bildu ziren: Euskera 2011, 56, 1-2 eta Euskera 2011, 56-3.

Euskera 2011, 56, 1-2 liburuak Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa biltzen du. Besteren artean, honako gaiak bildu dira: Jean-Baptiste Coyos euskaltzainaren sarrera-hitzaldia; Nafarroa Oinez ospakizunaren haritik, Tafallan egin zen ageriko bilkura; edota Jose Antonio Arana, Vahan Sarkisian, Xabier Gereño eta Fernando Mendizabal euskaltzainen omenez irakurri ziren hilberri-txostenak.

Euskera 2011, 56, 3 liburuak ikerketa-lanak jasotzen ditu. Gai nagusiak hauek dira: Euskaltzaindiaren XVI. Jagon Jardunaldiak ("Arabatik Arabara euskaraz") eta Akademiak "Agosti Xaho eta Erromantizismoa Euskal Herrian" izenburupean Baionan egin zuen jardunaldia.

Portada Euskera 2011 1-2 txikia Portada Euskera 2011  txikia

Euskera agerkarian biltzen diren artikulu guztiak, Euskaltzaindiaren webgunetik landa, Inguma, ISOC eta Dialnet datu-baseetan ere jasotzen dira. Datu-base hauetan, agerkariaren aurreko zenbakietan, egile jakinek idatzi eta ikerketa lantzat har daitezkeen edukiak ere aurki daitezke.

 
InicioAnterior 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 Siguiente Fin