-i/-t(z)ea besterik ez / baino ez (irakurri/irakurtzea besterik ez duzu)

Galdera

Forma hauek guztiak zuzenak dira?
a) -Irakurri besterik ez duzu
b) -Irakurtzea besterik ez duzu
c) -Irakurri besterik ez duzu egin behar
d) -Irakurri baino ez duzu
e) -Irakurtzea baino ez duzu
f) -Irakurri baino ez duzu egin behar

Erantzuna

Bai, zuzenak dira guztiak. Hala ere, zehaztapen batzuk egin behar dira: Batetik, "a" eta "b"ren artean, "a" (partizipioduna) ugariagoa da Orotariko Euskal Hiztegiko autoreetan, "b" baino.
Bestetik, "a", "b" eta "c" gisakoak ("besterik" daramatenak, alegia) ugariagoak dira, "baino" daramaten "d", "e" eta "f" gisakoak baino.
Bestalde, "d" gisako partizipiodunak erabiliagoak dira "e" gisako aditz-izendunak baino.
Egitura horiez gain, beste bi hauek ere zuzenak dira:
- Irakurtzea besterik ez duzu egin behar
- Irakurtzea baino ez duzu egin behar
Azkenik, "-t(z)ea" formakoen erabileraren alde eman daitekeen beste arrazoi bat ere bada: "garaiz etortzea dauka" esaten bada, "garaiz etortzea baino/besterik ez dauka" esan daitekeela dirudi.
Esanahiari dagokionez, berriz, ez dago alde handirik honako hauen artean:
- Irakurri besterik ez duzu / Irakurri besterik ez duzu egin behar
Bietan eginkizun bat aipatzen da: eginkizun bat eta bera.
Horrez gainera, ikus datu-baseko "–tzea (egin/egitea)".

Data: 20010613
Erantzulea: Patxi Goenaga

Les documents, les listes et les bases de données de cette page sont distribués sous la licence Creative Commons Attribution - Pas d'Utilisation Commerciale - Partage à l'Identique.